XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal prentsa: egunkarirako bidean Balantze gehienetan gertatu bezala, puntu batzu argi eta beste batzu beltz agertzen zaizkigu oraingoan ere, euskal prentsaren balantzea egiteko tenorean.

Alde batetik, erdal prentsan euskarak egin duen aurrerabidea guztiz dezepzionantea da, aurreko urteetako etsipenari jarraituz ezer positiborik burutu ez bait da.

Bestetik, euskarazko prentsak bere sendotzerako eman dituen urratsak ukatuezinezkoak dira: gure astekaria, herriz herriko prentsa, prentsa didaktikoa, prentsa kulturala... alor guzti horiek gero eta sendotuagoak agertzen zaizkigu, proiektu berriekin, kemenez gainezka eta begirada guztiak euskarazko egunkariaren proiektuan kokatuak.

Azkenik, puntu beltzen artean, prentsan euskara nagusitu dadin normatiba baten falta nabariegia aipatuko genuke instituzio publikoen aldetik.

Erdarazko prentsak, euskarak lekurik ez Aurreko urteetako usadio berean mantendu dira erdal komunikabide idatziak euskarari dagokiola: astekarietan leku txikitxikia baino ez, zabalkunde haundieneko egunkarietan fitsik ere ez (el Correo Español El Diario Vasco Sud Ouest), eta bakarrik pentsamolde abertzaledun egunkarietan (Egin eta Deia) nabarmentzen da apur bat gehiago presentzia hori, halere aurrerabiderik erakutsi gabe.

Deian bataz besteko orri bat agertu ohi dute egunero, eta Eginen lau, Egunon delakoaren izenez.

Aipatu behar da, gainera 1984.an zehar, Egin bere lau orri horiek argitaratzen aritu zela Diputazioarengandik trukean jaso behar zuen subentzioa batere garbi eduki gabe, alde horretatik instituzioek gai horretan jasan duten sentsibilizazio maila (aurretik ere urria izaki) guztiz kezkagarria delarik.

Euskal prentsatik at, erdal prentsak euskarari pisua eman diezaion instituzioek derrigorrez eman behar lituzkeen pausuak emateke daude eta horrek bultzatuko gintuzke balantze guztiz ezkorra egitera.

Euskal prentsa, sendotze bidean Euskara hutsezko prentsak agertzen duen diagnostikoa guztiz bestelakoa da.

Duela zenbait urte jasandako hilzorizko egoerari buelta emanda, indar berriz hedatzen eta indartzean hasia dela inpresioa ematen digu 1984 urte honek.

Alde batetatik, ARGIA astekariak ageri duen mejoratze teknikoa (informazio-kalitateaz eta itxuraz) ukaezinezkoa da, nahiz eta oraindik ere aurrerantzean mejoratu beharreko gauzak ugariak izan.

Bestetik, Aizu aldizkari didaktikoak guztiz sendotua dirudi, eta alde horretatik prentsa didaktikoak ere etorkizuna ziurtatua daukala esan liteke (kronika honetan aipatu baino ez ditugu egingo HABE erakundeak ateratzen dituen ikas-material guztiak Habe, Habeko Mik, Zutabe, egia esan prentsa izenaz bataia daitezkeen ez bait dakigu).

Haur-prentsak Ipurbeltzen bidez erdietsi duen maila ere ez da nolanahikoa, bereziki komiki izatetik haur-aldizkaria izatera pasatzearren eman zuen urratsa guztiz azpimarratzekoa izan zelarik.

Besterik, herriz herri eta bailaraz bailara zabaldu ziren aldizkariek (Legazpiko Hots, Baztango Ttipi ttapa, Lekeitioko Sustraiak...) bide berri baten aintzindari papera hartu dute.

Eta azkenik, aurretik ere bere bideari ongi atxikirik ageri den Jakin aipatu nahi genuke, bereari zintzotasun guztiz jarraitzen zaiola nabarmena bait da.

Euskal egunkaria, hurrengo apostua.

Baten batzuk, 1984 urtea euskal egunkariarena izan dela esan ohi dute, eta hori horrela esanda gehiegikeria dela begibistakoa izanik, euskal prentsaren alorrean behintzat hori hala izan dela beldurrik gabe esan genezake.

Hainbat mahai-inguruk eta artikuluk gauza bat ageri dute argi eta garbi: nahiz eta instituzio publikoen aldetik batere borondate politikorik ez agertu horrelako projektu bat martxan jartzeko (horixe frogatzen bait du Egin eta Deiak aurkezturiko projektuei erantzunik ez ematea), (...).